Hasiera

Jarduera

Lagundu

Kontaktua

cas / eus / cat / fr

Batera ibiliz

Testuinguru oso hauskorretan toki garapenerako ekimenak sustatzeko nahia partekatzen dugun pertsonek osatzen dugu Batera ibiliz elkartea. Askotariko ekimenak aztertzen ditugu: osasun arlokoak, hezkuntzakoak, emakumea sustatzea helburu dutenak, eta ingurumenarekin harmonian garatzeko bokaziodunak, besteak beste.

Laguntza bidezko lankidetza

Ekimenen sustatzaileekin elkarrizketa-hari bat ehundu eta ez zirpiltzeko konpromisoa hartzen dugu; herritarren bizimodura gerturatzen gara, haien egoeraren berri emateko helburuarekin; laguntza-fluxu material arduratsua mantentzera konprometitzen gara

Osasun-zentroa Soyan

Soya (Mali) herrixkan lehen mailako arreta zentro bat hornitzeko laguntza ematen dihardugu; zentroaren bidez oinarrizko osasun-zerbitzurik ez duten biztanleei emango zaie arreta. Aldi berean, zentroaren kudeaketaren inguruko gogoetan parte hartzen dugu

Egitasmo globala Soyarako

Zentroak tokiko garapen-egitasmo bat ere sustatuko du, zinez uste baitu ekimen orokorrik gauzatu ezean zentroak berak ere ez lukeela luzaroan iraungo.  Planak tokiko autoritateen eta Jaman jigi nekazal elkartearen babesa du

Batera ibiliz Soyan (Mali)

3.000 biztanle inguruko herria da Soya. Boidié komunan dago, eta ez du oinarrizko osasun zerbitzurik. Soyako eta haren inguruko herrixketako jendeak era guztietako gaixotasunak hartu ohi ditu, besteak beste, paludismoaren, beherakoen edo erditzeetan arretarik ez edukitzearen ondorioz; malnutrizioak gaixotasun asko eragiten ditu edo larriagotzen ditu.

Eskualdeko osasun zerbitzuak urruti daude bertako herritarrentzat, komunikazio bideak oso oinarrizkoak dira eta urtaro euritsuetan urez betetzen dira; hogei kilometroko bideak ezinezkoak izan litezke bai bideen egoeragatik bai garraiorik ez dagoelako edo oso garestiak direlako herritar behartsuentzat.

Bertan plan bat jarri dute martxan, Soyan eta inguruko eremuan lehen mailako arretarako eta amatasunerako zerbitzu bat jartzeko. Osasun zentro horrek, halaber, toki garapenerako egitasmo bat sustatu nahi du, etengabe harremanetan egongo dena bertako agintariekin eta herritarrez osatutako talde batekin.

Zentroa auzotarren laguntzari esker ari da aurrera egiten, Barouli Zirkuluko osasun agintarien nahitaezko oniritzia jaso ondoren, Boureima Kassogué erizain diplomadunaren proposamenez. 2015eko abenduaren 18an bertako agintari tradizionalak auzokide bik emandako lurasailaren emanaldia egin zuen eta abenduaren 26an ekin zitzaien, azkenik, lanei.

Lerro hauek izenpetzen ditugunok hamahiru urte daramatzagu Maliko errealitatearekin harremanetan. 2003an, bertako lekuek, tradizio kulturalek eta bizimoduak erakarri gintuzten, baina benetan lotu gintuena Boureimarekin izandako topaketa laburra izan zen; ikasi egin nahi zuen ume nekazaria zen bera. “1990. urte inguruan jaio” zen bere paperek dioten lez, eta Maliko landako behartsuen zerbitzura jarri nahi ditu gaur egun bere ezagutzak; horretarako sortu du, hain zuzen ere, Soya Ekimena.

Batera ibiliz elkartea laguntza solidarioaren bidetik sortu zen, eta, aldi berean, Bilboko eta Bartzelonako adiskide talde baten eskutik. Hitz ematen dugu etengabe jardungo dugula hizketan ekimenaren talde sustatzailearekin, sakonduko dugula Soyako errealitatearen eta ekimenak eragiten dituen aldaketen ezagutzan, bai eta hark behar duen laguntza finantzarioan ere.

Soyako herritarrekin batera egingo dugu bidea, eta gonbita egiten dizuegu gurekin etor zaitezten.

 

    Teresa Escolà Fité eta Mikel Arriaga Landeta

Batera ibiliz elkartearen kide fundatzaileak (2016ko urtarrila)

Ideiak-Jarduteko indarra

Tokian tokiko garapenean jarduteko ikuspegi komunitarioak uste osoa du komunikazioaren eragin biderkatzailean, bai eta ezagutza espezializatuaren eta eguneroko bizitzaren esperientziak emandako ezagutzaren arteko berdintasunezko elkarrizketan ere.

Funtsezkoa da giza faktorea, gizakiok geure esperientzia eskaintzen dugunean, ingurunea eraldatzeko eta harekin batera geure burua eraldatzeko zereginean laguntzen dugu; izan ere, era horretara, gure ekintzek eragiten dituzten aldaketei jarraipena ematearen erantzule bihurtzen gara.

Ingurunea, beraz, ez da hor kanpoan, geure inguruan, dagoen zerbait; gutako bakoitza beste batzuekin elkartzean geure inguruan ehuntzen dugun hura baizik. Ingurunearen barruan sartzen dira bizi ohitura osasungarriak ezarri nahi dituzten guztiak eta haien ekimenak.

Larritasunak eta prozesuak tentsioan dagoen errealitate bat osatzen dute, eta, askotan, oinarririk gabe konpontzen da, larritasuna nagusitzen denean. Osasunaren eremuan, larritasunaren ideia gizabanakoa gaixotasunetik sendatzera bideratua da; prozesuaren ideiak, berriz, haren zergatiei begiratzen die, eta horiei aurre egiteko plan komunitario bat osatzen du.

Gaixotasuna eta osasuna pertsonen eta ingurumenaren arteko harreman onaren edo txarraren emaitza dira. Ingurumenaren (fisikoa, psikikoa eta soziala) azterketaren eta hura hobetzeko ekimen kolektiboaren bitartez aurre egiten zaie herri baten osasunerako arriskuei, hau da, gaixotasunak edukitzeko arriskuei.

Larritasunean oinarritutako zeregina --------> Gaixoa sendatzea --------> Gaixotasuna ------> Gizabanakoa

Prozesuaren zeregina ------> Ingurune osasungarria sortzea ---> Osasuna ------> Komunitatea

Ahotsak, Soyatik

Boureimarekin izandako solasaldien testu-zati batzuk. Solasaldi hauek Soya ekimenari hasiera eman baino lehen mantendu ziren. Aurkezpena eta esker ona bezala balio dezaten.

Abian jarriko duzuen proiektua zertan datza?

Osasunaren eragilerik ez duen herri bat. Buruan dudan zentroa landa eremuko zentro bat da, orain lehen zaintzarik ez duen eremu batean. Hainbat herri daude osasunaren alorrean benetan isolatuta. Astelehenean hogeita hamaika kontsulta izan genituen bi herritan, Diolé eta Mbelan, hain zuzen. Iritsi ginenean, “chef du village” delakoaren etxean aurkitu genuen gaixoak hartzeko lekua; kasu larrienak bideratu egin ditugu, kasu sinpleenak tratatu ditugu eta zentrorako hitzordua eman diegu kasu gogorrenei. Asko daude malnutrizioarekin!

Nola kudeatuko da zentroa?

Alkatetzak zailtasunak izan ohi ditu berari dagozkion gaiak kudeatzeko. Nire iritzi apalean, zentroak oso ongi funtziona dezake herriarekin berarekin! Ez da komuna osora iritsi behar duen osasun zentro handi bat izango, ondo mugatutako herrixka batera mugatua baizik, hau da, Soya eta ingurua. Soya eta ingurua kudeatuko duen batzorde bat behar da! Uste dut sistema ona dela zentroa autonomoa izatera iristen bada, alkatetzaren edo estatuaren esku-hartzerik gabe.

Ekimen on batean parte hartu nahi dugu, mendekotasunik sortu gabe...

Ondo. Zentroaren funtzionamenduaren adibide bat. Nire herrian, Tabitongon, kanpoko elkarte batek kudeatzen du zentroa; erizainaren soldata eta sendaketen prezioak merkeagoak dira. Irabazi asmorik gabeko zentro bat da. Gastuen parte bat elkarteak ordaintzen du, eta gainerakoak zentroaren jardueren bitartez ordaintzen dira, esate baterako, botiken berrikuntza, laguntzaile sanitarioen soldatak, botikariarenak...

Osasun-zerbitzu publikoak ordaindu behar dira Malin?

Bai, osasun-zerbitzuak ordaintzen dira Estatuaren Osasun Publikoan. Nire herrian, asmorik gabeko zentroko botikan botikak saltzen dira, baina merkeago; erditzeak ere ordaindu egiten dira, baina merkeago. Aurten, nutrizioaren alorreko beste proiektu bat ere abian jarri dutela ikusi dut. Modelo ona da guretzat.

Osasun-zerbitzu merkeagoak

Bada garrantzizko gauza bat komunitate batean. Zaintzak doakoak izateko politikak inguruko zein kanpoko paziente ugari ekar ditzake, eta, zentroaren gastuak asko handitzen badira, zentroaren haustura funtzionala gerta liteke etorkizunean. Ulertzen badidazue, herritarrek berek parte hartu behar dute zentroaren antolamenduan, hark iraungo badu eta eraginkorra izango bada. Mali oso herrialde pobrea da, eta behar-beharrezkoa da herritarrek zentroaren funtzionamendurako autogestioan oinarritutako sistema bat abian jartzea. Zentroa herrian egongo da, herriaren onurarako, eta hori ulertu behar du herriak.